XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1983

02.02 ETBko eguneroko lehenengo albistegia hasi zen; 21:00etatik 21:30era eta euskaraz ematen zen (1. argazkia).

02.10 Euskadi Irratian musika programa bi hasi ziren: Klasikoak Gaur eta Kostaldeko trena; zuzendariak Pello Zabala eta Martín Tejeria ziren, hurrenez hurren.

02.23 M. Boyer ministroak Rumasaren jabetza kendu zion J.M. Ruiz Mateosi dekretu bidez.

03.21 ETBk lehenengo aldiz emititu zuen pelikula bat euskaraz: Pier Paolo Passoliniren Ebangelioa San Mateoren liburutik (2. argazkia).

03.28 Udaberriko programazioaren aurkezpena egin zen; saiorik garrantzitsuenak albistegiak eta haurrentzako programak ziren. Egunean lau ordu emititzen zen, 13:00etik 15:00etara eta 20:00etatik 22:00etara. ETBko lehenengo arduradunak ere aurkeztu ziren: Luis A. Aranberri, Amatiño, albistegietako zuzendaria; Martín Ibarbia, programa zuzendaria; Iñaki Beobide, produkzio zuzendaria eta Eugenio Iriondo, lehenengo zuzendari teknikoa.

03.31 Radio Euskadik lehenengo emisioa egin zuen Bilboko estudioetatik; zortzi orduko programazioa zuen.

04.10 Mikel Lejarza Radio Euskadiko zuzendari izendatu zuten. 26 urte baino ez zituen eta Europako irrati zuzendaririk gazteena zen.

04.12 José Luis Garcik zine espainolaren lehenengo Oskarra lortu zuen Volver a empezar filmearekin.

04.29 Radio Euskadiren instalazioak inauguratu ziren Bilbon (3. argazkia).

05.01 Athleticek 1-4 irabazi zion Las Palmas taldeari eta Liga txapelketa lortu zuen. Hori ospatzeko Athleticek gabarran igo zuen Nerbioi ibaitik eta ETBk zuzenean eman zituen ospakizunaren irudiak (4. argazkia).

05.08 estatu guztian Udal Hauteskundeak ziren eta Euskadin Hauteskundeon jarraipena ETBk egin zuen. Hiru orduko saioa eskaini zuen eta zuzenean konektatu zuen alderdien egoitzekin eta eusko Jaurlaritzako Datu Zentroarekin. Prentsak goraipatu egin zuen emisioa, izandako kalitateagatik eta egindako ahaleginagatik.